XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure baserritarrak, mataderian ganaduak zenbat pisatuko duan jakiteko, neurri on bat ba dute: beian lau ankak berdiñ jarri ondoren, aurreko anketako atze aldetik, soka batekin bularrari jira osoa artzen diote.

Egiteko orri, soinkurutza neurtu oi deritzee; sokak, kordela deritza.

Tarteka-tarteka, soka orri lits edo albañu-punta bat dario zintzilik; eta tarte bakoitzaren, luze-neurriari, arrada zaio izena.

Beiaren edo idiaren soinkurutza onenbeste edo arrenbeste arrada da oi diote.

Soka-lista ori, azokaetan oi dago salgai.

Kordelak amaika arrada izan oi ditu.

Lenengo zintzilikarioa, laugarren arradan dago.

Arradak, 20 zentimetro ditu; kordelak ba, bi metro ta ogei zentimetro.

Arrada bakoitzaren erdian, beste koloreko lits bat dario zintzilik.

Neurri juxtuagoa izateko, oraindik ere, ontzakoak buruz neurtzen dituzte, eta ala esan oi da: gure txala, bederatzi arrada terdi eta ontzakoa da.

Kordelakin egiten dan neurria, ez da beti xuxena; bei edo txala, gizena edo argala, luzea edo motza izan liteke; eziñ ba neurri berean, pixu berdiña izan.

Ganadu zarrean, kana bi edo zortzi arradako beia, 40 erralde dala diote.

Neurri berean txala, luze xamarra ba'da, 46 bat erralde; eta luzeaz gañera, atze aundikoa ba'da, 48 eta baita 50 erralde ere.

Kontu oietan, arrada bakoitzeko, 25 bat kilo beietan eta 28 edo 30 bat kilo txaletan ateratzen da.

Kordela extu-extuan artu bear da soinkurutzean, bañan extuegi artuta, beia mugitu legikelako eta baita kordela puskatu ere, algañean, au da, estutu gabe, juxtu-juxtuan artzen da, eta olakotan, neurriari arrada erdi ta gutxitzen zaie.

Neurri au bera, zentimetrotan jarria dago Ipar-Ameriketako idazti batean, eta jakin-miñez eta gaurko gazteen burua eta lana errexteko, emen jartzera noa.